XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) alkate jaun onaren larderia eta elizattoaren itzala: urus izaiteko, zer zuten bertzerik galdatzen?.

Azkonchilo-Mukurruteiko nausia argi-zirrintan jeikia zen goiz hartan.

Denborak zer aire zuen ikhusterat atheratzeko bere aldia zuen eiki Mukurruteik egun hartan.

Alainan ere aroa hits-airean balin bazen, Azkonchilotarrek lakhet zuten ohettoaren gochatzea.

Ohettoa maite ez duenak aurthik bekiela lehen harria!!!.

Kanporat atheratu zen bada Mukurruteiko nausia.

Bainan huna nun dagoen, bortha-alhazean berean, harritua, balditua, oinak han erroztatu balitzaizkio bezala, begiak eliza dorrerat landatuak, oihu baten egiteko kalipurik ere ez zuela.

Eliza dorre kasko-kaskoan, kurutzearen beso batetik-bertzerat jauzi eta jauzi, erasia, kantua eta hichtua zariola, ez zuena han ikusten... zori bat?.

Bainan zori bat Azkonchilon behinere ikusi ez zutena... ikusgarria... miresgarria... pherdez, gorriz, horiz jauntzia... mosko makola gothor batekilan.

Egia... egia hutsa: Jainkoak Azkonchilo egin zuen egunetik ordu-arte, nehork ez zuen, Azkonchilon, egundaino halakorik ikusi....

Bizkitartean bere baitharatu zen azkenekotz Mukurrutei; eta andreari oihu egin zion zethorla kuchian mirakuilaren ikusterat.

Ohetik haikatzeko ephea-eta, Mukurruteisa ere borthan zen, senharraren aldean, begiak thorra eta thorra, zoriari beha, senharra baino ez gutiago harritua.

Nola Mukurruteik Mukurruteisari, hala Mukurruteisak auzoari oihu egin zion, auzoak auzoari, auzo hunek bertze auzoari.

Eta, inomin-ichitantean, Azkonchiloko etcheek beren barnekoak oro egotzi zituzten karrikalat.

Mundua kanpoan zen, eliza-dorre kaskoko zoriari so.

Eta bakhotchak bazuen eta bazion bere aburumena.